Bitakora: Hiri askok orain arte eman duena…

Zeinen azkar doan denbora! Konturatu gabe maiatzak isilean ihes egin digu eta ekaina azaldu zaigu udako opor usainak gerturatuz. Eta konturatu gabe ia hilabete eta erdi pasa da, apirilak 27an bloga martxan jarri geunenetik. Denbora guzti honetan blogean berrikuntza gutxi izan da, eta biziago espero gintuen lagunen batek edo bestek “zertan aritu zarete baina?” galdetu digu honezkero. Azkeneko aste hauek “bizitzen” eman ditugu besterik gabe, gure eguneroko lan, harreman, eta borroka txikien matazan katramilatuta erabat. Sorkuntza prozesuak aurrera jarraitu du hala ere pantailaren beste aldean, atzealdean, hezur-haragizko hiriaren lekurik arruntenetan: ez-lekuetan, estresak jotako pertsonen artean puntako orduetan metroan, hurrengo autobusaren zain Termibusen, berandu datorren lagunaren zain Mallonako eskaileratan, Someran trago batzuk hartu ostean Alde Zaharretik Deustura bueltan bizikleta gainean… Halako lekuetan norbere bururekin egoteko momentu eta tarte asko izan ditugu, egiten ari ginena murtxikatu eta egin beharrekoaren inguruan bakarka hausnartzeko. Eta hiruon arteko hamaika bilera: hirutako baten etxean, tabernetan, lanera bidean, laneko bazkalorduan edo lanetik irten ostean. Aurrez aurreko eztabaidak eta Internet bidezko mezu kate luzeak; guztiak batuta, dozenaka whatsapp, e-mail, hangout eta skype. Bizitzen eta azpilanean aritu gara bloga martxan jarri geunenetik joan diren aste hauetan, horixe. Eta hauek izan dira orain arteko azpilanaren emaitza nagusiak:

Proiektuaren difusioa: bloga martxan jarri eta berehala, e-posta hau proiektuan interesa izan zezaketela uste genuen hainbat pertsona eta eragileri bidali genien. Mailingak berehalako eragina izan zuen: blogaren bisitari kopurua nabarmen igo zen, pare bat agerraldi izan genituen Internet bidezko komunikabideetan (Nontzeberri, Bilboko Uriola eta Bizkaie!) eta elkarrizketa bana grabatzeko gonbitea luzatu ziguten Uriola eta Hamaika Telebistatik. Maiatzak 13an jarri genuen hitzordua biekin. Asierrek kale egin zigun egun hartan nahi eta nahi ez Donostian lan egin behar zuelako; ondorioz Aitor eta Unai izan ginen kameren aurrean, eta nahiko urduri izan ginen arren, egun hartako esperientzia, batik bat medioak barrutik eta bertan dabiltzan profesionalak ezagutzea, sekulakoa izan zen guretzat; gure esker ona haiei!

Goizean Bilboko Uriolakoek, elkarrizketa egiteaz gain, beraien proiektu komunikatiboa azaldu ziguten. Aurten hasi dira martxan eta sekulako lana ari dira egiten Bilbon bertako informazioa euskaraz zabaltzeko, parte hartzea sustatuz gainera; inondik ere, proiektu biribil eta ederra!

 

Arratsaldean Hamaika Telebistako Ane Zabalarekin bildu ginen, berak zuzentzen duen Sakelakotik saiorako elkarrizketa grabatzeko; handik aste pare batera ikusi ahal izan genuen emaitza. Txalotzekoa da Aneren lana, sekulakoak irudimena erabiliz eta mugikorrarekin grabatuz muntatzen dituen saioak!

Sare sozialak: Sare sozialetan gogotsu aritu gara bloga martxan jarri genuen egunetik. Facebook eta Twitterren sortutako profilen bitartez, hasierako helburua sorkuntza prozesua proiektuaren jasotzaileekin partekatu eta zuen parte hartzea sustatzea zen.

14203270253_3023e3d3b5

 Hamaika Telebistarako elkarrizketaren grabaketan ateratako argazkia

Helburuak horretan darrai oraindik ere; baina sare sozialetako gure jarduna martxa hartu eta sendotzen doa egunetik egunera, poliki-poliki. Oraingoz Facebooken maizago aritu gara Twitterren baino, eta azken aldian gustua hartu diogu hirian gertatzen diren kultur-jarduera anitzetatik interesgarrienak iruditzen zaizkigunak zabaltzeari. Iruditzen zaigu bertako kultur eskaintza anitza, Bilbok bere baitan dituen hiri asko horien adierazpena badela, eta hein batean baita eragilea ere. Horregatik garrantzitsua iruditzen zaigu kultur eskaintza horren zati bat bistaratu eta zuekin konpartitzea. Baina ez dugu horretara mugatu nahi izan, eta hasierako helburuari jarraiki, sorkuntza prozesua zuekin partekatzen saiatu gara, “hiri bete zeru” bezalako argazkiekin, eta luzatu dizkizuegun galdera eta gonbiteekin.

 

…ETA HIRI ASKOK HEMENDIK AURRERA EMATEA ESPERO DUGUNA

Eta aurrera begira zer? Hilero obra bana publikatzekoak ginen, baina honezkero maiatzekoa ekainera atzeratu behar izan dugu eta atzerapen hori gainditu beharko dugu lehenbailehen. Horrela, maiatzekoa ekainaren erdialdean etorriko da, eta datozen hilabeteetako batean obra bakarra beharrean bi publikatuko ditugu. Eta hemendik aurrera hutsik egin gabe eutsiko diogu hileroko zitari. Hilean behin argazki-testu-musika pieza berria emango dugu ezagutzera blogeko obrak atalean, eta handik bi astera, obraren inguruko gora-beherak azalduko dituen sarrera publikatzen saiatuko gara bitakora atalean. Modu horretan biziago mantenduko dugu bloga, eta interesa duenak sorkuntza prozesua jarraitzeko aukera gehiago izango du. Horrez gain, sare sozialetako jardunarekin aurrera egingo dugu, eta proiektuaren inguruko kartel, postal eta orri-markak Bilboko hainbat txokotan banatuko ditugu aurki. Gure aurrera begirako asmo eta nahia lanean fin-fin jarraitzea da. Erronka nagusia berriz, zuek hor mantendu eta zuen aldetik erantzuna jasotzen hastea. Lortuko ote dugu? Gure (zuon eta gu hiruon) esku dago!

Advertisements

Utzi erantzuna

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s