Inoiz ezagutu dudan emakumerik ederrenetakoa zen dudarik gabe, baina berak zatarra zela pentsatzen zuen. Txikitan hainbestetan deitu zioten itsusi, benetan itsusia zela pentsatzera iritsi zen. “Batzuetan, etxean bakarrik nagoenean, biluztu, logelako argiak itzali eta ispiluari begira egoten naiz denbora luzez” esan zidan, “itzalen pean politagoa da dena, ez duzu uste?”. Irribarre egin nion, eta buruarekin baietz erantzun, arrazoia ematearren, “edozer emango nuke zure logelako ispilua izateagatik” pentsatzen nuela. Baina ez nion esan, eta neurekiko pentsatu nuen argiak benetako edertasuna biluzten duela, eta edertasuna larrugorrian itsusia dela zenbaitentzat, hori izan zitekeela inork emakume hura zatar ikusteko arrazoi bakarra. Bestela ez nuen inondik inora ulertzen. Edertasuna, beste gauza asko bezala, begiratzen duenaren begietan hasten dela pentsatu, eta zuzen begiratu nion begietara, lelotuta.
Pingback-a: BITAKORA: NOR DA EMAKUME ITSUSIA? | HIRI ASKO BERE BAITAN
Pingback-a: BITAKORA: TXIKIA… ZER? NOR? (I) | HIRI ASKO BERE BAITAN
Pingback-a: » Emakume itsusia Irudhitzen