BITAKORA: ZER DAGO ATZEALDEAN, EZKUTUAN?

Zapatua zen,  jai eguna Bilbon. Arratsaldea gau bihurtzen hasia zen Aitorrek Unairi wasap ez-ohikoa bidali zionean: “atzealdean, ezkutuan” hitzak, eta ondorengo argazkia:

Atzekaldean, izkutuan

San Bizente elizatik ateratako argazkia zen, Aitorrek eguerdian ezkontza batean zegoela Elizako patiotik ateratakoa. Unaik Bilbiko taberna ilun batean jaso zuen zuri-beltzeko irudi hura, eta parrandan bete-betean egonda, momentuan ez zion kasu zipitzik egin. Orduan ez genekien arren, hura izango zen “hiri asko bere baitan” proiektuaren jaiotza.

Hurrengo eguneko arratsaldean, beldurra emateko moduko aje eta piura herrestatuz Bizkaibusean Bilbotik Ermura bidean zioan Unai. Leku eta egoera hartan, sakelakoarekin denbora pasa zebilen, denbora azkartu nahirik, aurreko egunean jaramonik egin gabeko mezua berriz irakurri zuenean. Argazkiari luze begiratzeko parada izan zuen,  “atzealdean, ezkutuan” hitzak buruan bueltaka zituela. Atzeko patio hartan, izoztutako airean esekita, oihartzunak, usainak eta errezelen bestaldeko begiradak sumatu eta ikustea iruditu zitzaion. Patio hura ez zen edozein patio galdu; patio hura aztikeriaz betetako hirira sarbidea zen, eta bertatik oihartzun, usain eta begirada ikusezinez gain, adreilu eta porlanezko eraikinak ere ikus zitezkeen; eraikinez jositako auzoak, eta hezur-haragizko pertsonak; pertsona saldoa, egunero gurutzatzen, paraleloan igarotzen, nahasten, eta elkarri lotzen zaizkion bizitzak bizitzen. Zer eta nolakoa da Bilbo benetan? Zer ezkutatzen du atzeko patioetan? Zer ezkutatzen da lehen begiratuan ezer ez dagoela dirudien hiriko lekuetan? Argazkiari begira erantzunik gabeko galderatzar burrunbatsu andanak bete zuen Unaien gogoa, eta ziurtasun isil ttipi batek:

 hiria bera, hiriko zirrikituetan barrena isuri eta zabaltzen doa konturatzen ez garen bitartean, uneoro bere burua eraldatuz.

Autobus bidaia amaitzerako Unaik proiektuko lehen obraren parte izango zen testuaren zirriborroa idatzita zeukan, beti aldean eraman ohi duen koadernoan. Arratsalde hartan bertan ordenagailura pasa zuen, eta gaueko ordu txikiak arte ibili zen hasierako testuari bueltaka. Amaitu zuenean Asierri bidali zion e-posta batean argazkiarekin batera, ondorengo galdera luzatuz: “patioko isiltasuna entzuten?”

Eta Asierrek patioko isiltasuna entzun zuen; ondotxo entzun ere. Testua irakurri eta argazkia ikusita, eszena bat etorri zitzaion burura, garden: hirira gaua iristean, pertsona ezezagun bat iluntasunean, bere logelako leiho atzean, ezkutuan, patiora begira. Hori erakusteko musika anbientala sortu nahi izan zuen, adi-adi egonda detaileak erakusten doan abestia, poliki-poliki gorputza hartzen doana; letrarekin batera, testuak aurrera egin ahala, elementuak batzen doan musika pieza, eta bukaerako zatian, testuak “agian, egunen batean hiri horietakoren batek…”  dioenean, nolabaiteko itxaropen sentsazioa transmititu nahi duena. Bi aste pasa aurretik musika piezaren maketa prest zeukan Asierrek eta beste bioi bidali zigun.

Entzun genuenean giroak berehala harrapatu gintuen, entzungailuetatik zetozen soinu eta ñabardura txikiek ezin hobe osatzen zuten argazki eta hitzek adieraz ezin zezaketen guztia. Horraino bageneukan lehen argazki-testu-musika sortua, baina hori ez litzake lehen obra izango. Argazki hartatik abiatu baginen ere beste guztirako, argazki hark zuen balio, mugikorrarekin ateratakoa izaki, ez zeukalako proiekturako behar besteko definiziorik; pixel eta mega gutxiegi gauza onerako. Patio hari beste argazki bat ateratzea ere ez zitzaigun posible; elizarena zelako, itxita zegoelako, eta ez geneukalako bertara sartzeko modurik. Ironikoki, argazki berri bat atera beharrean geunden; patioaren argazkitik abiatutako obrak argazki berria behar zuen obra amaitu ahal izateko: patio itxi, handi eta nortasun berezidun bat.

Eta hor hasi zen Aitor patio berriaren bilaketan: lagunei galdezka, hiria goitik behera ibiltzen, google earth erabiliz auzo ezberdinetako txokoak arakatzen. Asteetan zehar ibili zen kamara gainean zeramala, Bilboko bazterrak miatzen. Denboraz larri ibiltzen hasiak ginen eta bilaketa ezerosoa izaten hasia zen ordurako, eta egun lainotsu hartan, Deustuko baratzetik atera ostean, Euskotreneko geltoki zaharrari argazkia ateratzea bururatu zitzaion.

01 barrutia: Deustu

Han topatu zuena ez zen patio arrunta; ez-leku hartan, patio erdi itxi batek bat egiten zuen nasa abandonatuarekin. Ez hain aspaldi bidaiariz beterik egondako  nasa, nomaden etxe bihurtua zen; eta trenbide mortua sasiz estaltzen hasia; eta denbora eraikinen pareta likitsetan behera isurtzen ari zen, han-hemenka orbanak utzita. Huraxe izango zen lehen obraren argazkia, prest geunden testu eta musikarekin batera “atzealdean, ezkutuan” blogera igo eta proiektuari hasiera emateko.

Horraino proiektuko lehen obraren sorkuntza prozesua. Hala bazan edo ez bazan… sar dadila kalabazan, eta ager dadila Deustuko plazan! Edo Deustuko tren-geltoki abandonatuan!

P.D: Hasierako argazkiari aldaketa txiki bat egin genion, eta sare sozialetako goiburu bihurtu genuen ondoren agertzen den moduan; aldaketa zein den igartzen?

Hiri asko bere baitan goiburuarekin

Advertisements

Utzi erantzuna

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s