BITAKORA: HIRI ASKOK IBILBIDE ERDIA BETE DU DAGOENEKO…

Laugarren obra berriki plazaratu dugu eta proiektu erdia baino gehiago pasa da dagoeneko! Ekainean argitaratu genuen hiri askok orain arte eman duena izenburuko sarreren jarraipena litzateke honako hau, ordutik hona egindakoa azaltzeko idatzia. Orduko hartan, obra bakarra publikatuta eta oraindik martxa hartzen ari ginela, nolabait geure buruak desenkusatu genituen kanpora begirako jardun urriagatik, ordura arte difusioan eta sare sozialetan egindakoa azalduz. Ordutik honako gure jarduera nabariagoa izan da blog eta sare sozialetan: obra berriak eta sorkuntza prozesuaren azalpenak plazaratu ditugu, eta kanpora begirako difusioan tinko jarraitu dugu, egindako lana ondorengoetara laburbildu daitekeelarik:

-Difusio materialaren osagarri gisa, taldeko argazkiak eduki nahi genituen. Hori dela eta, maiatza bukaeran argazki sesioa egiteko eskatu genion argazkilaritzara afizionatua den Joseba Sainz de Murieta gure lagunari, eta zapatu arratsalde baterako ipini genuen zita Alondegi kanpoan. Modelo izatetik ezingo ginatekeela bizi argi baino argiago gelditu zitzaigun arratsalde hartako saioan; izan ere, ateratako argazki gehienetan bata natural agertzen zenean, bestea serioegi eta hirugarrena inuzente aurpegiarekin azaltzen baitzen (eta kasualitate hutsa izango da, baina gehienetan inuzente aurpegiduna Unai zen!). Hortaz, Josebak ez zuen lan makala izan gurekin, baina klik eta klik tematu zen argazki ganorazkoaren bila eta azken emaitzarekin gustura gelditu ginen laurok. Atera zigun guztien artean hau aukeratu genuen aho batez taldekideon irudi gisa:
Hiri askoren aurpegiak

    Hiri asko bere baitan proiektuaren aurpegiak: goian Aitor (argazkiak), erdian Unai (testuak), behean Asier (musika)

– Behin taldekideon irudi ofiziala geneukala, proiektuak ere berea behar zuen, eta ekaina hasieran KAIKOOk diseinaturiko logoa estreinatu genuen: Hiri Asko Bere Baitan izenaren siglak, “HABB”, plano baten gainean ikusita, eraikinak irudikatzen dituzten letra moduan, proiekturako propio sortutako grafia bereziarekin.

-Handik gutxira, logoaz gain proiektuko kartelak ere diseinatu zizkiguten, eta lehen aleak labetik atera berri, esku artean izan bezain pronto, ekainaren erdialdean hasi ginen banaketarekin. Gutxi ziren eta leku berezietan ipintzen saiatu ginen, horrela, Bilbo kartelez betetzen aritu ginen astebetez, haiek hainbat taberna, liburu-denda eta kultur guneetan banatuz.

Hiri asko kartelada

    Proiektuko kartela Bilboko taberna ezagun batean

-Aste hartan bertan Bilboko Uriolako komunitatean talde profila zabaldu genuen. Aste batzuk aurretik egin ziguten elkarrizketaren harira, Bilboko herri-komunikabide euskaldun eta parte hartzeko hau ezagutu genuenetik bertan parte hartzeko gogoz geunden. Esan eta egin: ekainak 19an publikatu genuen estreinako sarrera gure profil sortu berrian. Bertan obra berrien berri eta bitakorako sarrerak publikatzen joan gara ordutik, eta hala jarraituko dugu proiektuak aurrera dirauen bitartean.

-Ekaina Nontzeberrirako egin ziguten elkarrizketa publikatuta ikusi ostean agurtu genuen, eta uztaila eta abuztuan obra bana eta bitakorako bi sarrera publikatu baditugu ere, nahiko opor giro izan da gurean azken asteotan.

…HEMENDIK AURRERA IBILBIDEAREN BESTE ERDIA GELDITZEN ZAIGU!

Irailaren hasieran gaude dagoeneko eta, ibilbidearen erdia iraganda, proiektuaren azken txanpa berehala iritsiko den sentipen urduria piztu zaigu. Hilabete hau ‘bitakoraren hilabetea’ izango da blogean: “emakume itsusia”, “txikia” eta “euri-jasak” obren sorkuntza prozesuak azaltzen dituzten idatziak prest dauzkagu eta datorren astetik aurrera asteazkenero haietako bana publikatuko dugu. Hortik aurrera gelditzen diren lau obrak plazaratzen joango gara (egun hauetan buru-belarri gabiltza hurrengoaren prestakuntzan, “garabiak” izenburuko hirien hazkundeari buruzko hausnarketa izango dena) eta obra bakoitzaren ostean dagokion bitakorako sarrera etorriko da, oraingoan bai, egutegiarekin ditugun hitzorduei muzin egin eta atzerapenik izateko aukerarik gabe! Erronka egundokoa da; hiru hile eskasetan lau obra eta dagozkien bitakorako lau sarrerak publikatu beharko ditugu, eta paraleloan (kanporantz ikusiko ez bada ere) egin beharko ditugu: 1) orain arte behin-behineko bertsioan ezagutzara eman ditugun musika piezen grabaketa estudioan, 2) obra guztiak bilduko dituen argazki erakusketa eta liburuska, eta 3) proiektu amaierako zuzenekoaren prestakuntza. Askotxo iruditzen zaizula? Guri ere bai, baina gogotsu bueltatu gara oporretatik, eta esaerak dioen moduan, gogoko tokian aldaparik ez!

Aurreko guztiaz gain, proiektuaren difusioari azken bultzada emateko asmoa ere badaukagu. Orain arte sare sozialetan Hiri asko atsegin edo jarraitzen duzuen pertsona guztiak batuta berrehun inguruko sorta ederra zareten arren (eta gurea bezalako ekimen xume batentzat kopuru hori ez dago batere txarto!), ahal balitz, oraindik ere ekimenean interesa izan lezakeen jende gehiagorengana iritsi nahiko genuke. Proiektuak emandakoak etorkizunean ere ikusgai egongo direla badakigun arren, nolabaiteko erantzukizuna sentitzen dugu prozesua bizirik dagoen bitartean jendearengana iristen saiatzeko. Horretarako, hemendik eta proiektua amaitu arte mailing berria egitea planifikatu dugu eta lotsarik gabe entzuten gaituen orori ekimena zabaltzeko laguntza eskatuko diogu, obrak eta proiektuaren berri sare sozialetan partekatuz, adibidez! Ikusten duzuenez, Bilbon barrena egiten ari garen bidaian aurrera goaz txiri-txiri; esker mila gure bidai lagun izateagatik!

Advertisements

2 thoughts on “BITAKORA: HIRI ASKOK IBILBIDE ERDIA BETE DU DAGOENEKO…

Utzi erantzuna

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s