BITAKORA: TXIKIA… ZER? NOR? (I)

Proiektua hasi eta gutxira erabaki genuen sorkuntza prozesuari bultzadatxo bat eman eta esperimentatzeko “itsuan” saiatzea obra bat sortzen. Hori helburu, Unaik berriki idatzitako testu batzuk bildu genituen eta ondorengoa adostu:  Asier eta Aitorrek testu bana aukeratuko zuten haietatik, eta musika eta argazkia egiten hasiko ziren paraleloan, batak bestea egiten ari zenaren berri izan gabe. Orduan ez genekien aukeratutako testuetatik abiatutako lanak saiakera hutsean geldituko ziren, edo haietatik bukaerako obrarik aterako ote zen, baina erronka onartu eta aurrera egin genuen.

Aukeran zeuden dozena inguru testuetatik, gai anitzak jorratzen zituztenak, Asierrek ‘txikia’ izenburuko begiz jo zuen berehala, hiru lerro eskaseko gogoeta hau:

“Ez nintzen txikia, baina neure txikitasunaz konbentzituta, lotsatu, beldurtu, kikildu eta ez nintzen gehiago hazi. Gerora konturatu nintzen hazteko aukera oro txikitu zidala uste erratu madarikatu hark. Beranduegi konturatu ordea. Ordurako benetan txikia nintzen; nire txikitasun-konplexua, berriz, erraldoia”.

Handik aste batzuetara amaitutako obra bihurtuta plazaratu genuenean horrelaxe zabaldu genuen sareetan. Nola sortu genuen baina modu askotara uler daitekeen gogoeta, irudi eta musika nahaste “txiki” hura?

Zoriak (eta Asierren nahiak) hirugarren obrako parte bihurtutako testuak nolabait bazeukan aurreko hilabetean plazaratutako emakume itsusiarenarekin zerikusia, baina arras ezberdina ere bazen. Lehenengoak azaltzen zuen gogoeta mila aldiz errepikatutako gezurrak egi bihurtzearen ingurukoa zen; bigarrenekoa, aldiz, gure buruei inposatzen dizkiegun mugen ingurukoa: konplexuen bidez,  ez direnak onartu eta ikasten dituztela gure gogoak eta gorputzak, eta desikasi beharrean izaten garenean berandu (beranduegi ez, baina berandu) eta zaila (ezinezkoa ez, baina zaila)  izaten dela maiz. Unaik eman nahi izan zion zentzu berean ulertu zuen testua Asierrek: musikari, idatzi-zale eta sortzaile anonimo asko badaudela, euren etxean bakardadean sortzen dutenak, euren lana inoiz inorekin konpartitu gabe, uste dutelako ez duela maila nahikorik edo ez dela ona; konplexu hori handitu ahala txikitzen zaiela sortzeko grina, eta azkenerako sortzeari uzten diotela.Sentipen eta egoera ezaguna zitzaigun nolabait.

Musikari dagokionez, denbora gutxi edukitzeak obraren behin-behinekotasuna baldintzatu eta bultzatu zuen, eta sortze prozesua nahiko azkarra izan zen, ezinbestean. Asierrek bi erronka nagusiri aurre egin behar izan zien pieza sortzerakoan. Alde batetik testua oso laburra zela, eta bestetik, berak bere buruari ipinitako baldintza: instrumenturik erabili gabe, ahotsarekin bakarrik osatu beharko zuela musika. Hori horrela, ahoarekin zaratak egiten abila den lagun batekin elkartu zen, inprobisazio saio bat egin eta abestia osatzen saiatzeko. Mikroak looper bati konektatu eta hor ibili ziren biak jolasean, efektuak sartu, kendu, erritmoak sortu, eta zaratak nahasten. Azkenerako jam session  dibertigarri eta emankorra bilakatu zen saioa eta hortik atera zen pieza. Obra publikatzeko garaian Asier ez zegoen erabat konbentzituta abestiarekin, pixka bat gehiago landu nahi zuen, baina denbora ezak bultzatuta bere horretan igo behar izan zuen, horrela:

Behin-behineko bertsio horrek entzuleengan era guztietako erreakzioak eragin dituela badakigu, baina erreakzioak erreakzio, gure ustez ukaezina da inprobisazioaren freskotasuna islatzen  duela eta sortze prozesuaren hasierako fasea erakusten duela; guztiz amaitu gabeko obrarena, alegia. Eta hori ere erakutsi nahi genuen obraren batean.

Estudioan grabaketa egitean berriz ere eraikiko da abestia hutsetik hasita. Interferentzia zatiak zarata gutxiago izango du eta ahotsaren efektuak indartuko dira, pieza soil baina osatua lortze aldera. Abestiaren bertsio berrirako oraindik ere garaiz zaudete zuen komentarioak, proposamenak eta iritziak luzatzeko. Guztiak izango dira ongi etorriak!

Obraren izenburu eta testuaren luzerarekin kontrastean, handi eta luzea 
atera zaigu bere sorkuntza prozesua azaltzen duen bitakorako sarrera.
Irakurketarekin inor ez aspertzeko, bitan zatitu dugu. Honaino iritsi 
bazara, sarreraren lehen zatia irakurri berri duzu. Argazkiaren gorabeherak 
azaltzen dituen sarreraren bigarren zatia irakurtzeko klikatu hemen.
Advertisements

One thought on “BITAKORA: TXIKIA… ZER? NOR? (I)

  1. Pingback-a: BITAKORA: TXIKIA… ZER? NOR? (II) | HIRI ASKO BERE BAITAN

Utzi erantzuna

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s