BITAKORA: GUREAN ERE BAKARDADEZKO EURI-JASAK

Populazioaren zahartzea omen da euskal gizarteari gertatzen ari zaion fenomenoetako bat, hirietako auzo jakin batzuetan eragin nabarmena duena. Hori gogoan, zahartzaro eta bakardadeari buruzko hausnarketa eragiten saiatu ginen proiektuko laugarren obrarekin. “Euri-jasak”izenburukoa, horrelaxe zabaldu genuen sareetan.

Zentroko leku jendetsuen azkartasun eta bizitasunarekin kontrastean, auzo periferikoetan oso erritmo bestelakoa du bizitzak: lasaiagoa, leunagoa, motelagoa. Eta ederra da lasaitasun hori, sentipen epela izan daiteke, etxean babestuta, urteek ematen duten jakintza eta esperientzia lagun, zahartzaro lasai, oparo, eta betea bizi dutenentzako. Bakardadeak baina, hotza ekar dezake; epeltasun sentsazio hori desagerrarazi, oparotasuna soiltasun bihurtu, eta denbora agonia iraganezin bilakatu arteraino moteldu. Zirimiriaren antzera hasi daiteke erortzen bakardadea: leunki, ia antzemanezin, euri-jasa bihurtu arte. Ideia hori izan genuen abiapuntu testuarekin, eta hortik etorriko ziren  musika lehenengo, eta argazkia gero.

Musika piezaren grabaketak bere gorabeherak izan zituen. Eusebiori begirada heldu batetik eutsi nahi genion, bere istorioaren narratzailea pertsona nagusi bat izan zedin. Hasiera batean Lukasi proposatu genion ahotsa jartzeko, sasoi-sasoian dagoen 80 urtetik gorako gizonezkoa, antzerkigintzan dabilena. Proposamena onartu zuen, kolaborazioaren harira poz-pozik geunden, eta abuztu hasierarako ipini genuen grabaketarako zita. Zoritxarrez, zita baino egun batzuk lehenago Lukasek ahotsa galdu zuen ahots-korden arazo baten ondorioz, ezin izan genuen grabaketa burutu (lerro hauek idaztean guztiz osatzea opa dizugu, Lukas!) eta krisi moduko bat izan genuen taldean. Ohi bezala denboraz larri genbiltzan, eta abuztua izanda, inguruko jende asko urrun geneukan, egokia izan zitekeen beste norbait topatzeko aukerak asko murriztuz. Hala ere, ez genuen gehiegi kezkatzeko astirik izan, eta krisia di-da batean gainditu genuen, hor azaldu zitzaigulako berehala Arantza. 60 urte inguruko emakumea, saltsa guztietako perrexila, prest zegoen testuari era dramatizatuan ahotsa jartzeko. Eta egin zuen. Eta primeran konpondu ziren Arantza eta Asier. Eta grabaketa egin eta bi astera prest zegoen elkarlanaren emaitza:

 

Argazkiak ere bere gorabeherak izan zituen. Aukeran zegoen, testuaren alderdi intimistari erreparatuta, bertan deskribatu moduko etxe bat bilatzea: lorezko paper zaharkituduna, zurezko zoru zaharduna. Baina nolakoa izan zitekeen kanpotik? Non bizi ote zitekeen Eusebio? Ze auzotan? Galdera horiek gogoan hasi ginen etxearen bila, lagunei eta sare sozialen bitartez gomendioa eskatuta. Laugarren obra izateak ere barrutia hautatzeko aukerak mugatzen zizkigun (bost barruti posible gelditzen zitzaizkigun harrezkero), eta jasotako gomendioak jarraituta Boluetan barrena, Errekaldetik gora eta Uribarrin zehar bila aritu ginen.

Topatu genuen lehen hautagaia Uribarriko etxe hau izan zen:

Zurbaran eta Zurbaranbarri auzoen artean dagoen etxe (itxuraz) abandonatua

Zurbaran eta Zurbaranbarri auzoen artean dagoen etxe (itxuraz) abandonatua

Baina ez gintuen konbentzitu eta bila jarraitu genuen luzaroan, bakoitza bere aldetik. Halako batean Aitorrek argazki hau bidali zigun beste bioi:

Erretako etxe abandonatua (edo abandonatutako etxe errea) Boluetan

Erretako etxe abandonatua (edo abandonatutako etxe errea) Boluetan

Unairi iruditu zitzaion euri-jasa baino sutea erakusten zuela irudiak. Asierri aproposa iruditu zitzaion, gauza bakarra salbu: agurea falta zuela.  Duda-mudatan geunden beraz oraindik argazkiarekin: beharrezkoa al zen eraikin bat erakustea? gizonezko zahar bat? agurea izatekotan, nor? nola aterako genuen?

Erretako etxearen argazkia baztertu eta bilaketarekin jarraitu zuen Aitorrek; bila eta hausnarrean. Asko hausnartu ostean etxea eta gizona erakustearen auziei, etxe eta gizonaren absentziaren bidez aurre egitea erabaki zuen arte.

Iralan ateratako bi proposamen bidali zizkigun abuzturen bukaeran. Bietan ala bietan, testuaren hitzekin kontrastean, etxe barruaren ordez kale zabal eta hutsa erakusten zen. Bakardadea etxetik kalera lekualdatu zuen Aitorrek modu horretan, nolabait ondorengo metafora utziz agerian: hirian jende artean ere bakardadea barreiatzen dela, ikusezina den arren, edo agian horrexegatik, ikusezina delako.

Euri jasak_v1

“euri-jasak” obrarako aukeran genuen bi argazkietako bat

Oso antzerakoak ziren biak, baina aho batez erabaki genuen hiruon artean obran hauxe sartuko genuela:

"euri-Jasak" obrako argazkia

4- Euri-Jasak

Argazkian elementu gutxi eta soilak erakusten dira. Horietako batzuk begi-bistakoak dira (txapin zahar parea, kale bakartia, 60. hamarkada urrunean eraikitako etxebizitzak, arkitektura industrial gordina, horma garaiak, barrotedun leihoak) eta beste batzuk ez dira hain nabariak, baina bertan daudela iruditzen zaigu guri (kartzela edo labirinto bateko pasabide itxura, isolamendua, aukeratu gabeko bakardadearen pisua, bakardadezko euri tantak airean eta putzuak zoruan sakabanatuta). Ikusten eta ikusten ez diren elementuak nahastuz osatu genuen laugarren obra hau; ez diren gauzak erabili genituen badirenak azaltzeko, Sarri handiak idatzi bezala “bizitza, ez diren gauzez ere osatzen delako”.

Advertisements

Utzi erantzuna

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s