BIZIKI izeneko proiektu berriari ekiten!

Blog honetan azkenengo sarrera argitaratu genuenetik urtebete baino gehiago igaro da jada! Sare sozialetatik jarraitu gaituzuenok jakingo duzuenez, bertan –Facebooken batez ere- eman baitugu guztiaren berri, ordutik hona ez gara geldirik egon: irabazi asmorik gabeko Hiri Asko Kulturgintza Elkartea sortu dugu, aurrerantzean proiektuak bertatik bideratu ahal izateko; Hiri Asko Bere Baitan zuzeneko emanaldia hainbat tokitan taularatu dugu –Elgoibarko Ilunpe tabernan, Bilboko Euskararen Etxean, Gau Irekian eta Hika Ateneoan-; Unaik Igartza bekari esker idatzitako Hauts Haietatik nobela argitaratu du Elkarrekin; eta duela astebete eskas, burutu nahi dugun BIZIKI izeneko proiektu berria bultzatzeko crowdfunding kanpaina abiatu genuen:

BIZIKIren bitartez, bizikletaren erabileran oinarritutako hausnarketa prozesu bat sorkuntza prozesu batekin kateatu nahi dugu. Bizikletak euskara, artea, feminismoa eta mugikortasunarekin duen harremanean sakondu 4 aditu elkarrizketatuz, eta ondoren irudiak hitz eta soinuekin nahastuz 20 argazki+testu sortu, guztiak argazki erakusketa berezi batean biltzeko. Guztia zehatz-mehatz azalduta HEMEN

Gipuzkoako Foru aldundiak META! deialdiaren barruan bultzatuko dituen 20 kultur proiektuen artean aukeratu du gurea, eta irailaren 15ean, abendura arte iraungo duen crowdfunding kanpainari ekin genion, proiektua 2017an martxan jarri ahal izateko.
Gogo eta ilusioz beterik gaude erronka berriari aurre egiteko, baina jendearen parte-hartzerik gabe ezingo dugu BIZIKI gauzatu. Animatuko al zara zure babesa ematen? Laguntzeko modu asko daude, eta guzti-guztiak zaizkigu baliagarriak:

  • Proiektua zabaltzen: zure inguruan eta sare sozialetan proiektuaren berri ematen, gure eta interesa izan dezaketen komunikabide edo erakundeen arteko zubi lanak egiten…
  • Proiektuko zeregin zehatzen parte hartzen: bideoak editatzen, erakusketako portada diseinatzen, publikazioa maketatzen, gaztelania eta frantsesera itzulpenak egiten, webgunea atontzen, aurkezpen festarako eta erakusketarako lekuak bilatzen… laguntza txiki bat ondo etorriko litzaiguke gauza askotarako.
  • Dirua ematen, sarien truke: aurkezpen festara gonbidapena, sortutako obrak postal formatuan, markodun argazkiak… emandako diru kopuruaren arabera aukeratzen duzuna. Gainera, jendeak emandako euro bakoitzeko beste bat jasoko dugu Foru Aldunditik diru-laguntza gisa, epearen barruan proiektua garatzeko minimo bezala finkatu dugun kopurura iristen bagara.

Proiektua ezagutzera eman eta laguntzak lortzeko baliatu nahi dugu crowdfunding kanpaina hau, baina baita sorkuntzarako ere. Hori dela eta, irauten duen bitartean, guk sortutako argazkiak, bideoak, testuak eta saretik arrantzatutako hausnartzeko materiala igoko ditugu #BIZIKI traolarekin sare sozialetako gure profiletara. Dagoeneko hasiak gara:

Helburua lortzeko kapaz izango al gara? Ala utopia hutsa ote da? Guk badugu esperantza. Zuenganako esperantza. Aldez aurretik esker mila! Ondo bizi… eta aurrera, BIZIKI!

Advertisements

HAUTS HAIETATIK nobelaren aurkezpena + HIRI ASKO BERE BAITAN zuzeneko emanaldia, apirilaren 8an Bilboko Hika Ateneon

2015eko otsailean estreinatu zenez geroztik Euskal Herriko hainbat txokotan taularatua izan eta gero, berriz izango da Bilbon Hiri Asko Bere Baitan ikuskizuna, apirilaren 8an, 19:30etatik aurrera, Hika Ateneon. Hiriak ezkutatzen dituen hiriekin batera, hautsak ere izango dira protagonista oraingo honetan, Hauts Haietatiknobelaren (Elkar, 2016) pasarteak txertatuko baitira ohiko ikuskizunean, liburua aurkeztu eta paperaren mugak hedatzeko helburuarekin. Sarrera doan.

Hiri asko zuzenekoa

Hiri askok aurrera darrai!

Asteak pasa dira blogean azken post hura publikatu genuenetik, eta ordutik honako isiltasun luzeagatik denbora guzti honetan potrojorran ibili garela irudi lezakeen arren, guztiz kontrakoa gertatu zaigu: proiektua Ideiak Martxan lehiaketara aurkeztean finkatutako epe eta moldeei egokituta itxi, eta hemendik aurrerakoak prestatzen aritu gara. Lanean jo eta ke, atsedenik hartu gabe. Hona azken hiru hilabeteotan egindako lan eta datozen hilabeteetako plangintzaren laburpena:

Azaroan eta abenduan burututako ekintzak:

– Urriko azken asteburuan estudioko grabaketa lanak amaitu ostean, azaroko lehen bi asteetan nahasketa lanak burutu eta prest izan ahala eman genituen ezagutzera blogean proiektuko azken hiru obrak: Itzulera, Egonean eta Low cost belaunaldia.

– Azaroaren 14an, proiektuko argazki erakusketa inauguratu genuen Okela Sormen Lantegian eta dozenaka lagun hurbildu ziren babesa eman eta antolatutako ekitaldi xumea ikustera. Inaugurazioak, haren inguruan gogoan gordetzen ditugun oroitzapenez gain, David Hornback-ek ateratako argazkiak eta erakusketari buruz Iñigo Astizek Berria egunkarian idatzitako artikulua utzi zizkigun.

– Azaroaren 29an, Bilborocken izan ginen Ideiak Martxan lehiaketako bukaerako ekitaldian, 2014ko deialdiko gainontzeko irabazleekin batera, egindako lanaren berri eman eta aurkezpen bat egiten.  

– Handik astebete eskasera, Durangoko azokan izan ginen. Kabi@ gunean argazki-erakusketa ipini eta proiektua azaltzeko hitzaldi labur bat eman genuen,

eta obra guztiak biltzen dituen liburuxka digitalaren zuzeneko aurkezpena egin genuen.

– Abenduaren bukaeran obra guztiak euskarri fisikoan biltzen dituen audio-liburuxkaren 100 ale atera eta kolaboratzaile, lagun eta jarraitzaileen artean banatu genituen (Bilboko Uriolak azkenetako bat zozketatu du berriki).

Eta guzti horren ostean, urte berria hastearekin batera “bukatu da, bukatu da, bukatu da akabo” abestu edo aldi baterako geldialdia egin beharrean, bigarren fase bati ekitea erabaki genuen. Eta buru-belarri ekin fase berriari. Aitzol Mugika eta Andoni Alonso musikariekin eta Kepa Errasti aktorearekin batera zuzeneko emanaldia prestatzen gabiltza; argazki eta bideo proiekzioak, abestiak eta antzerkia nahastuko dituen diziplina anitzeko ikuskizuna, ikusleei unibertso bisual, literario eta soinudun berezian murgiltzeko aukera eskainiko diena. Horrela, datozen hilabeteotan zuzeneko ikuskizuna estreinatuko dugu eta, argazki-erakusketarekin batera, Bilbon barrena eta kanpora, Euskal Herriko hainbat txokotara eramango dugu “Hiri asko bere baitan” proiektua. Hemendik aurrera etorri datorrena: obra berriak sortu, kolaboratzaile ezberdinen laguntza batu eta tipi-tapa bidea urratzea.

Otsailetik apirilera bitartean lotuta dauzkagun jarduerak:

– Zuzeneko hainbat emanaldi: Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan (martxoak 1ean), Gasteizko Parral tabernan (martxoak 31n), Bilborock aretoan (apirilak 16an).

– Argazki-erakusketa emanaldiak egingo diren lekuetan egongo da astebetez emanaldi aurretik edo ondoren, eta horrez gaiz, Bilbon kokatuta dagoen Euskararen Etxean egongo da (martxoak 23tik maiatzak 31ra).

– Elgoibar eta Bilbon erakusketaren harira inaugurazio-elkarrizketa-hitzaldi gisako ekitaldi bana egingo da (otsailak 19an eta martxoak 27an, hurrenez hurren).

Datak hurbildu ahala joango gara goian aipatu ekitaldiei buruzko informazioa aletzen hemen edota sare sozialetan. Aipatu baita ere, azken hiru obren sorkuntza prozesuak azaltzen dituzten bitakorako postak publikatzeko dauzkagula oraindik; azaroan lana pilatu eta modurik topatu ez genuenez, ondo gordeta daude, publikatzeke baina prest. Etorriko dira ba. Eta ikusiko dituzue. Eta ikusi duzue: jarduera dezente, aizue!

Low cost belaunaldia

Low cost

Gailurrik gorenenak zeharkatuko genituela sinestarazi ziguten. Gure edozein arbasok baino altuago hegaz egin, eta urrunago iristeko hezi gintuzten. Eta irabazle izango ginen ziurtasunaz hazi ginen. Baina hegazkina hartzera joan ginenerako, guretzat, low cost besterik ez zen gelditzen, eta aireratuko baginen, ezinbestean, baxu hegaldatuko ginela jakinik, nahi genuen helmugara iritsiko ez ginen (senti)penaz, eta noraezari beldurrez egin beharko genuen. Horixe zen low cost belaunaldiko parte izateagatik ordaindu beharreko ordainsaria, eta zeuden aukerak bi besterik ez: hegan egiten saiatu edo hondoratu.

8. Obra: Ibaiondo (5. Barrutia)

 

Egonean

Egonean

Gaur ez daukat burua bere lekuan. Pentsamenduek irrist egiten didate gogotik; hitzek, ihes. Ezin naiz ezerekin kontzentratu; ezin dut irratirik entzun; ezin dut ezer irakurri, ezta gauzarik arinena ere, ezta egunkariko ohar nekrologikorik ere. Edozein zaratak aztoratu egiten nau. Nahiago nuke ez banengo. Nahiago nuke bazeunde. Baina zu ez zaude eta ni egonean nago. Horregatik, gaur bezalako egunetan, dauzkadan egiteko guztiak alde batera utzi eta kanposantura etorri ohi naiz. Bertan, azken aldiz etorri nintzenetik jarri dituzten horma-hilobi berri guztiak errepasatzen ditut, banan-banan, patxadatsu; denbora pasa, eta haietako baten batean zure izen-abizenak topatuko ditudan esperantzan.

7. Obra: Begoña (4. Barrutia)

Itzulera

Itzulera

Berriz ibili ditut auzoko kaleak, gaur gauean;

urteak pasa dira joan nintzela; joan zinela.

 

Begiak itxi eta ikusi zaitut zuri-beltzean

eta hor geunden biok olgetan parkean

zu eta ni, lagun minak,

behin betiko, betiko, minaren minez banandu arte.

Zer gertatu zen, non zaude isil, nor gara orain, zer da gelditzen dena?

 

Hazi ahala egin genuen bidea, bakoitzak berea, urrunean.

Hautsa poltsikoetan eta oroimenean, bueltan garenean.

 

Ni eta zu pertsona arrotzak gara orain:

elkarrengan ikusi ezin izan genuena, gaur garenaren itzal.

Nahi ezinean, izan ginen eta garen

bi kalekume minbera

(so) aurrera, (jo) aurrera

nondik datozen ahaztu dutenak.

 

Zein itzulera, nora garamatza, nor gara orain, zer da gelditzen dena?

6. Obra: Otxarkoaga-Txurdinaga (3. Barrutia)

Garabiak (hiria hazten)

Garabiak hiria hazten

Garabiek antzina ortziaren ertzari hazka egiten zioten, eta orain fereka leuna besterik ez, baina gorantz beti. Hazten hasi zenetik, ezari-ezarian, hiriak oztoporik ez zuen topatu goranzko bidean; deus ez. Zerua besterik ez zegoen eraikin haien gainean; alditan oskarbi, alditan ostartez beteriko zeru lausoa; egunez azul edo grisa zen zerua. Zenbat eta eraikinek gorago, orduan eta zerua lausoago, eta hiria gauez beltzago. Gau aratzetan ikus zitekeen garbi ikuskizuna, eguzkia ostendu ostean: garabiek zeruari horzka lapurtutakoa lur gainean uzten zuten landatuta; zeruaren uzkiak ziren garabiak; behinola herri izandako hiria kakazten zuten. Gorantz beti.

5. Obra: Uribarri (2. Barrutia)