BITAKORA: TXIKIA… ZER? NOR? (II)

Argazkia izan zen hirugarren obran zehaztu genuen azken elementua, barrutiarekin lotura markatzen duena. Hautua ez zen erraza izan, ezta berehalakoa ere. Aste haietan izan genuen Begoñako Igogailuaren itxiera hurbilaren berri, eta notizia hura tartean egokitu zitzaigunez, Aitorren hasierako asmoa Igogailua erretratatzea izan zen, modu horretan obrarekin hari omenaldia egiteko. Bere garaian igogailua handia izan zen; funtzional eta erabilgarria. 1949an inauguratu zenetik eta 2014ko uztailak 8an itxi zen arte (sarrera hau publikatu aurretik berriz zabalduko dutela jakin dugu, aurrerantzean zer gertatuko den ezin jakin) Begoñako milaka auzotarrei egunerokoan bizitza erraztu die, periferia zentrorantz hurbildu eta nolabait hiritartasuna demokratizatuz. Xumea, baina balio handikoa, bere txikitasunean handia izan da, eta bere kokalekuari esker sarrerako pasabidetik hiriaren sekulako ikuspegia eskaintzen du, Iberdrola dorrea gailentzen delarik paisaia urbanoaren erdi erdian erraldoi. Irakurtzen jarraitu

BITAKORA: NOR DA EMAKUME ITSUSIA?

*Bilbon bada monumentu gisako garabia-luma erraldoi bat, antzina Euskalduna ontzioletan altzairua altxatzen zuena. Garabiari Karola izena ipini zioten egunero ondotik pasatzen zen emakume ederraren omenez. Gerturatzen ari zela ikustean, kabinan zegoenari abisua pasatzen zioten beheko beharginek, eta hark momentuan egiten ari zena eten eta metalezko erraldoia birarazten zuen, makinaren mugimenduarekin emakumearenari jarraituz. Irakurtzen jarraitu

BITAKORA: HIRI ASKOK IBILBIDE ERDIA BETE DU DAGOENEKO…

Laugarren obra berriki plazaratu dugu eta proiektu erdia baino gehiago pasa da dagoeneko! Ekainean argitaratu genuen hiri askok orain arte eman duena izenburuko sarreren jarraipena litzateke honako hau, ordutik hona egindakoa azaltzeko idatzia. Orduko hartan, obra bakarra publikatuta eta oraindik martxa hartzen ari ginela, nolabait geure buruak desenkusatu genituen kanpora begirako jardun urriagatik, ordura arte difusioan eta sare sozialetan egindakoa azalduz. Ordutik honako gure jarduera nabariagoa izan da blog eta sare sozialetan: obra berriak eta sorkuntza prozesuaren azalpenak plazaratu ditugu, eta kanpora begirako difusioan tinko jarraitu dugu, egindako lana ondorengoetara laburbildu daitekeelarik: Irakurtzen jarraitu

Euri jasak

eurijasak

Agurea baldar-baldar altxatu da ohetik, barruko elastiko eta galtzontzilotan. Ez du argirik piztu eta lurrean zeuden txapinekin estropezu egin du, eta kasik erori. Pasabide estura irten da, hankak erdi arrastaka, eta zurezko zoruak garrasi gupidagabeak jaurti ditu, pauso nekatu bakoitzeko ozenago eta gupidagabeago. Pasabidea zeharkatu du eta egongelan sartu da. Une horretan isiltasunaren oihartzuna txoko guztietara hedatu da, hutsaren soinua mila aldiz ezerezteraino biderkatuz. Hormetako loredun paper zaharkitu horixka izan da eszenaren lekuko bakarra, eta hark ere muzin egin dio; izan ere, Eusebioren gainbeherarekin mimetizatu eta bat eginik, hormetako papereko loreak ere aspaldi ihartu eta kolorgetu ziren, ur ezagatik baino areago bakardadezko euri-jasek itota. Telebista piztu du agureak, bakardadea uxatu nahian, gehiago bustitzeko.

4. Obra: Errekalde (7. Barrutia)

BITAKORA: ZER DAGO ATZEALDEAN, EZKUTUAN?

Zapatua zen,  jai eguna Bilbon. Arratsaldea gau bihurtzen hasia zen Aitorrek Unairi wasap ez-ohikoa bidali zionean: “atzealdean, ezkutuan” hitzak, eta ondorengo argazkia:

Atzekaldean, izkutuan

San Bizente elizatik ateratako argazkia zen, Aitorrek eguerdian ezkontza batean zegoela Elizako patiotik ateratakoa. Unaik Bilbiko taberna ilun batean jaso zuen zuri-beltzeko irudi hura, eta parrandan bete-betean egonda, momentuan ez zion kasu zipitzik egin. Orduan ez genekien arren, hura izango zen “hiri asko bere baitan” proiektuaren jaiotza. Irakurtzen jarraitu

BITAKORA: BAZTERREKO ARGAZKIAK

Pasa diren asteotan sare sozialen bitartez hainbat argazki plazaratu ditugu; proiektuko zortzi obretatik kanpo geldituko diren baina prozesuko parte direnak. Bazterreko argazkiak dira. Hauek bezala, atera(ko) ditugun beste argazki asko, eta idatzitako testu asko, eta sortutako abesti bat baino gehiago, ez dira zortzi obretako parte izatera iritsiko, baina aldizka erakutsiko dizkizuegu, eta eragin dizkiguten gogoetak konpartituko ditugu zuekin.

Irakurtzen jarraitu

Txikia

Txikia

Ez nintzen txikia,

baina neure txikitasunaz konbentzituta,

lotsatu,

beldurtu,

kikildu,

eta ez nintzen gehiago hazi.

Gerora konturatu nintzen

hazteko aukera oro txikitu zidala

uste erratu madarikatu hark.

Beranduegi konturatu, ordea.

Ordurako, benetan txikia nintzen,

nire txikitasun-konplexua, aldiz,

erraldoia.

3. Obra: Abando (6. Barrutia)

Emakume itsusia?

Emakume Itsusia?

Inoiz ezagutu dudan emakumerik ederrenetakoa zen dudarik gabe, baina berak zatarra zela pentsatzen zuen. Txikitan hainbestetan deitu zioten itsusi, benetan itsusia zela pentsatzera iritsi zen. “Batzuetan, etxean bakarrik nagoenean, biluztu, logelako argiak itzali eta ispiluari begira egoten naiz denbora luzez” esan zidan, “itzalen pean politagoa da dena, ez duzu uste?”. Irribarre egin nion, eta buruarekin baietz erantzun, arrazoia ematearren, “edozer emango nuke zure logelako ispilua izateagatik” pentsatzen nuela. Baina ez nion esan, eta neurekiko pentsatu nuen argiak benetako edertasuna biluzten duela, eta edertasuna larrugorrian itsusia dela zenbaitentzat, hori izan zitekeela inork emakume hura zatar ikusteko arrazoi bakarra. Bestela ez nuen inondik inora ulertzen. Edertasuna, beste gauza asko bezala, begiratzen duenaren begietan hasten dela pentsatu, eta zuzen begiratu nion begietara, lelotuta.

2. Obra: Basurto-Zorrotza (8.Barrutia)

Bitakora: Hiri askok orain arte eman duena…

Zeinen azkar doan denbora! Konturatu gabe maiatzak isilean ihes egin digu eta ekaina azaldu zaigu udako opor usainak gerturatuz. Eta konturatu gabe ia hilabete eta erdi pasa da, apirilak 27an bloga martxan jarri geunenetik. Denbora guzti honetan blogean berrikuntza gutxi izan da, eta biziago espero gintuen lagunen batek edo bestek “zertan aritu zarete baina?” galdetu digu honezkero. Azkeneko aste hauek “bizitzen” eman ditugu besterik gabe, gure eguneroko lan, harreman, eta borroka txikien matazan katramilatuta erabat. Irakurtzen jarraitu

Atzealdean ezkutuan

01 barrutia: Deustu

Hiri honek beste hiri asko ditu bere baitan, ezkutuan. Seguruenik ez zaizkigu begi-bistakoak irudituko; sumatu ere ez ditugu egingo, baina bertan daude. Eraikinen atzealdeko patioetan, arropa zintzilikatzen eta pareko pisuko bizilaguna zelatatzen dugun leihoetatik ikus daitezke.Nahasi, zenbakaitz, aldakor eta irregularrak dira. Zuri-beltzekoak diren arren, adi egonda, entzun eta usaindu egin daitezke. Espezia eta salda bero usaina dute, eta urruneko kontinenteetako hizkuntzen oihartzuna da haien soinua, edo piano-solo batena. Eraikinen atzealdeko patioetan ez ezik, urrutiko auzoetako plazetan ere topa daitezke, eta ibai ondoko fabrika zaharretan, eta gauez, trenbide mortu, leku bazter eta parke hutsetan. Konturatzen ez bagara ere, hiri honen baitan ezkutuan bizi diren hiriek bor-bor egiten dute beren txoko bakoitzean; arnasa hartzen dute eta taupadaka ari dira. Agian, egunen batean, hiri horietakoren batek benetako hiria hartuko du, eta azala aldatu egingo zaio egun batetik bestera Bilbori. Eta ezkutuan geldituko da gaur arte ezagutzen genuen hiria, atzealdean.

1. Obra: DEUSTU (1. barrutia)