Hiri askok aurrera darrai!

Asteak pasa dira blogean azken post hura publikatu genuenetik, eta ordutik honako isiltasun luzeagatik denbora guzti honetan potrojorran ibili garela irudi lezakeen arren, guztiz kontrakoa gertatu zaigu: proiektua Ideiak Martxan lehiaketara aurkeztean finkatutako epe eta moldeei egokituta itxi, eta hemendik aurrerakoak prestatzen aritu gara. Lanean jo eta ke, atsedenik hartu gabe. Hona azken hiru hilabeteotan egindako lan eta datozen hilabeteetako plangintzaren laburpena:

Azaroan eta abenduan burututako ekintzak:

– Urriko azken asteburuan estudioko grabaketa lanak amaitu ostean, azaroko lehen bi asteetan nahasketa lanak burutu eta prest izan ahala eman genituen ezagutzera blogean proiektuko azken hiru obrak: Itzulera, Egonean eta Low cost belaunaldia.

– Azaroaren 14an, proiektuko argazki erakusketa inauguratu genuen Okela Sormen Lantegian eta dozenaka lagun hurbildu ziren babesa eman eta antolatutako ekitaldi xumea ikustera. Inaugurazioak, haren inguruan gogoan gordetzen ditugun oroitzapenez gain, David Hornback-ek ateratako argazkiak eta erakusketari buruz Iñigo Astizek Berria egunkarian idatzitako artikulua utzi zizkigun.

– Azaroaren 29an, Bilborocken izan ginen Ideiak Martxan lehiaketako bukaerako ekitaldian, 2014ko deialdiko gainontzeko irabazleekin batera, egindako lanaren berri eman eta aurkezpen bat egiten.  

– Handik astebete eskasera, Durangoko azokan izan ginen. Kabi@ gunean argazki-erakusketa ipini eta proiektua azaltzeko hitzaldi labur bat eman genuen,

eta obra guztiak biltzen dituen liburuxka digitalaren zuzeneko aurkezpena egin genuen.

– Abenduaren bukaeran obra guztiak euskarri fisikoan biltzen dituen audio-liburuxkaren 100 ale atera eta kolaboratzaile, lagun eta jarraitzaileen artean banatu genituen (Bilboko Uriolak azkenetako bat zozketatu du berriki).

Eta guzti horren ostean, urte berria hastearekin batera “bukatu da, bukatu da, bukatu da akabo” abestu edo aldi baterako geldialdia egin beharrean, bigarren fase bati ekitea erabaki genuen. Eta buru-belarri ekin fase berriari. Aitzol Mugika eta Andoni Alonso musikariekin eta Kepa Errasti aktorearekin batera zuzeneko emanaldia prestatzen gabiltza; argazki eta bideo proiekzioak, abestiak eta antzerkia nahastuko dituen diziplina anitzeko ikuskizuna, ikusleei unibertso bisual, literario eta soinudun berezian murgiltzeko aukera eskainiko diena. Horrela, datozen hilabeteotan zuzeneko ikuskizuna estreinatuko dugu eta, argazki-erakusketarekin batera, Bilbon barrena eta kanpora, Euskal Herriko hainbat txokotara eramango dugu “Hiri asko bere baitan” proiektua. Hemendik aurrera etorri datorrena: obra berriak sortu, kolaboratzaile ezberdinen laguntza batu eta tipi-tapa bidea urratzea.

Otsailetik apirilera bitartean lotuta dauzkagun jarduerak:

– Zuzeneko hainbat emanaldi: Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan (martxoak 1ean), Gasteizko Parral tabernan (martxoak 31n), Bilborock aretoan (apirilak 16an).

– Argazki-erakusketa emanaldiak egingo diren lekuetan egongo da astebetez emanaldi aurretik edo ondoren, eta horrez gaiz, Bilbon kokatuta dagoen Euskararen Etxean egongo da (martxoak 23tik maiatzak 31ra).

– Elgoibar eta Bilbon erakusketaren harira inaugurazio-elkarrizketa-hitzaldi gisako ekitaldi bana egingo da (otsailak 19an eta martxoak 27an, hurrenez hurren).

Datak hurbildu ahala joango gara goian aipatu ekitaldiei buruzko informazioa aletzen hemen edota sare sozialetan. Aipatu baita ere, azken hiru obren sorkuntza prozesuak azaltzen dituzten bitakorako postak publikatzeko dauzkagula oraindik; azaroan lana pilatu eta modurik topatu ez genuenez, ondo gordeta daude, publikatzeke baina prest. Etorriko dira ba. Eta ikusiko dituzue. Eta ikusi duzue: jarduera dezente, aizue!

Advertisements

BITAKORA: GARABIEKIN, HIRIA HAZTEN? (I)

Orain arte jarraitutako ordena apur bat irauliz, bosgarren obraren inguruko sorkuntza prozesuaren zatitxo bat plazaratzera gatoz sarrera honetan, obra bera plazaratu aurretik. “Garabiak” izenburuko datorren obraren zertzelada txiki batzuk dira; puzzlearen pare bat piezatxo besterik ez, teaser gisa, zuen jakingura pizteko helburuarekin. Aurki etorriko dira obra eta, egun batzuk beranduago, hari dagokion sorkuntzaren zer-nola guztiak azaltzen dituen bitakorako sarrera honen jarraipena. Irakurtzen jarraitu

BITAKORA: TXIKIA… ZER? NOR? (I)

Proiektua hasi eta gutxira erabaki genuen sorkuntza prozesuari bultzadatxo bat eman eta esperimentatzeko “itsuan” saiatzea obra bat sortzen. Hori helburu, Unaik berriki idatzitako testu batzuk bildu genituen eta ondorengoa adostu:  Asier eta Aitorrek testu bana aukeratuko zuten haietatik, eta musika eta argazkia egiten hasiko ziren paraleloan, batak bestea egiten ari zenaren berri izan gabe. Orduan ez genekien aukeratutako testuetatik abiatutako lanak saiakera hutsean geldituko ziren, edo haietatik bukaerako obrarik aterako ote zen, baina erronka onartu eta aurrera egin genuen.

Aukeran zeuden dozena inguru testuetatik, gai anitzak jorratzen zituztenak, Asierrek ‘txikia’ izenburuko begiz jo zuen berehala, hiru lerro eskaseko gogoeta hau: Irakurtzen jarraitu

BITAKORA: TXIKIA… ZER? NOR? (II)

Argazkia izan zen hirugarren obran zehaztu genuen azken elementua, barrutiarekin lotura markatzen duena. Hautua ez zen erraza izan, ezta berehalakoa ere. Aste haietan izan genuen Begoñako Igogailuaren itxiera hurbilaren berri, eta notizia hura tartean egokitu zitzaigunez, Aitorren hasierako asmoa Igogailua erretratatzea izan zen, modu horretan obrarekin hari omenaldia egiteko. Bere garaian igogailua handia izan zen; funtzional eta erabilgarria. 1949an inauguratu zenetik eta 2014ko uztailak 8an itxi zen arte (sarrera hau publikatu aurretik berriz zabalduko dutela jakin dugu, aurrerantzean zer gertatuko den ezin jakin) Begoñako milaka auzotarrei egunerokoan bizitza erraztu die, periferia zentrorantz hurbildu eta nolabait hiritartasuna demokratizatuz. Xumea, baina balio handikoa, bere txikitasunean handia izan da, eta bere kokalekuari esker sarrerako pasabidetik hiriaren sekulako ikuspegia eskaintzen du, Iberdrola dorrea gailentzen delarik paisaia urbanoaren erdi erdian erraldoi. Irakurtzen jarraitu

BITAKORA: NOR DA EMAKUME ITSUSIA?

*Bilbon bada monumentu gisako garabia-luma erraldoi bat, antzina Euskalduna ontzioletan altzairua altxatzen zuena. Garabiari Karola izena ipini zioten egunero ondotik pasatzen zen emakume ederraren omenez. Gerturatzen ari zela ikustean, kabinan zegoenari abisua pasatzen zioten beheko beharginek, eta hark momentuan egiten ari zena eten eta metalezko erraldoia birarazten zuen, makinaren mugimenduarekin emakumearenari jarraituz. Irakurtzen jarraitu

BITAKORA: HIRI ASKOK IBILBIDE ERDIA BETE DU DAGOENEKO…

Laugarren obra berriki plazaratu dugu eta proiektu erdia baino gehiago pasa da dagoeneko! Ekainean argitaratu genuen hiri askok orain arte eman duena izenburuko sarreren jarraipena litzateke honako hau, ordutik hona egindakoa azaltzeko idatzia. Orduko hartan, obra bakarra publikatuta eta oraindik martxa hartzen ari ginela, nolabait geure buruak desenkusatu genituen kanpora begirako jardun urriagatik, ordura arte difusioan eta sare sozialetan egindakoa azalduz. Ordutik honako gure jarduera nabariagoa izan da blog eta sare sozialetan: obra berriak eta sorkuntza prozesuaren azalpenak plazaratu ditugu, eta kanpora begirako difusioan tinko jarraitu dugu, egindako lana ondorengoetara laburbildu daitekeelarik: Irakurtzen jarraitu