Low cost belaunaldia

Low cost

Gailurrik gorenenak zeharkatuko genituela sinestarazi ziguten. Gure edozein arbasok baino altuago hegaz egin, eta urrunago iristeko hezi gintuzten. Eta irabazle izango ginen ziurtasunaz hazi ginen. Baina hegazkina hartzera joan ginenerako, guretzat, low cost besterik ez zen gelditzen, eta aireratuko baginen, ezinbestean, baxu hegaldatuko ginela jakinik, nahi genuen helmugara iritsiko ez ginen (senti)penaz, eta noraezari beldurrez egin beharko genuen. Horixe zen low cost belaunaldiko parte izateagatik ordaindu beharreko ordainsaria, eta zeuden aukerak bi besterik ez: hegan egiten saiatu edo hondoratu.

8. Obra: Ibaiondo (5. Barrutia)

 

Egonean

Egonean

Gaur ez daukat burua bere lekuan. Pentsamenduek irrist egiten didate gogotik; hitzek, ihes. Ezin naiz ezerekin kontzentratu; ezin dut irratirik entzun; ezin dut ezer irakurri, ezta gauzarik arinena ere, ezta egunkariko ohar nekrologikorik ere. Edozein zaratak aztoratu egiten nau. Nahiago nuke ez banengo. Nahiago nuke bazeunde. Baina zu ez zaude eta ni egonean nago. Horregatik, gaur bezalako egunetan, dauzkadan egiteko guztiak alde batera utzi eta kanposantura etorri ohi naiz. Bertan, azken aldiz etorri nintzenetik jarri dituzten horma-hilobi berri guztiak errepasatzen ditut, banan-banan, patxadatsu; denbora pasa, eta haietako baten batean zure izen-abizenak topatuko ditudan esperantzan.

7. Obra: Begoña (4. Barrutia)

Itzulera

Itzulera

Berriz ibili ditut auzoko kaleak, gaur gauean;

urteak pasa dira joan nintzela; joan zinela.

 

Begiak itxi eta ikusi zaitut zuri-beltzean

eta hor geunden biok olgetan parkean

zu eta ni, lagun minak,

behin betiko, betiko, minaren minez banandu arte.

Zer gertatu zen, non zaude isil, nor gara orain, zer da gelditzen dena?

 

Hazi ahala egin genuen bidea, bakoitzak berea, urrunean.

Hautsa poltsikoetan eta oroimenean, bueltan garenean.

 

Ni eta zu pertsona arrotzak gara orain:

elkarrengan ikusi ezin izan genuena, gaur garenaren itzal.

Nahi ezinean, izan ginen eta garen

bi kalekume minbera

(so) aurrera, (jo) aurrera

nondik datozen ahaztu dutenak.

 

Zein itzulera, nora garamatza, nor gara orain, zer da gelditzen dena?

6. Obra: Otxarkoaga-Txurdinaga (3. Barrutia)

Garabiak (hiria hazten)

Garabiak hiria hazten

Garabiek antzina ortziaren ertzari hazka egiten zioten, eta orain fereka leuna besterik ez, baina gorantz beti. Hazten hasi zenetik, ezari-ezarian, hiriak oztoporik ez zuen topatu goranzko bidean; deus ez. Zerua besterik ez zegoen eraikin haien gainean; alditan oskarbi, alditan ostartez beteriko zeru lausoa; egunez azul edo grisa zen zerua. Zenbat eta eraikinek gorago, orduan eta zerua lausoago, eta hiria gauez beltzago. Gau aratzetan ikus zitekeen garbi ikuskizuna, eguzkia ostendu ostean: garabiek zeruari horzka lapurtutakoa lur gainean uzten zuten landatuta; zeruaren uzkiak ziren garabiak; behinola herri izandako hiria kakazten zuten. Gorantz beti.

5. Obra: Uribarri (2. Barrutia)

Euri jasak

eurijasak

Agurea baldar-baldar altxatu da ohetik, barruko elastiko eta galtzontzilotan. Ez du argirik piztu eta lurrean zeuden txapinekin estropezu egin du, eta kasik erori. Pasabide estura irten da, hankak erdi arrastaka, eta zurezko zoruak garrasi gupidagabeak jaurti ditu, pauso nekatu bakoitzeko ozenago eta gupidagabeago. Pasabidea zeharkatu du eta egongelan sartu da. Une horretan isiltasunaren oihartzuna txoko guztietara hedatu da, hutsaren soinua mila aldiz ezerezteraino biderkatuz. Hormetako loredun paper zaharkitu horixka izan da eszenaren lekuko bakarra, eta hark ere muzin egin dio; izan ere, Eusebioren gainbeherarekin mimetizatu eta bat eginik, hormetako papereko loreak ere aspaldi ihartu eta kolorgetu ziren, ur ezagatik baino areago bakardadezko euri-jasek itota. Telebista piztu du agureak, bakardadea uxatu nahian, gehiago bustitzeko.

4. Obra: Errekalde (7. Barrutia)

Txikia

Txikia

Ez nintzen txikia,

baina neure txikitasunaz konbentzituta,

lotsatu,

beldurtu,

kikildu,

eta ez nintzen gehiago hazi.

Gerora konturatu nintzen

hazteko aukera oro txikitu zidala

uste erratu madarikatu hark.

Beranduegi konturatu, ordea.

Ordurako, benetan txikia nintzen,

nire txikitasun-konplexua, aldiz,

erraldoia.

3. Obra: Abando (6. Barrutia)

Emakume itsusia?

Emakume Itsusia?

Inoiz ezagutu dudan emakumerik ederrenetakoa zen dudarik gabe, baina berak zatarra zela pentsatzen zuen. Txikitan hainbestetan deitu zioten itsusi, benetan itsusia zela pentsatzera iritsi zen. “Batzuetan, etxean bakarrik nagoenean, biluztu, logelako argiak itzali eta ispiluari begira egoten naiz denbora luzez” esan zidan, “itzalen pean politagoa da dena, ez duzu uste?”. Irribarre egin nion, eta buruarekin baietz erantzun, arrazoia ematearren, “edozer emango nuke zure logelako ispilua izateagatik” pentsatzen nuela. Baina ez nion esan, eta neurekiko pentsatu nuen argiak benetako edertasuna biluzten duela, eta edertasuna larrugorrian itsusia dela zenbaitentzat, hori izan zitekeela inork emakume hura zatar ikusteko arrazoi bakarra. Bestela ez nuen inondik inora ulertzen. Edertasuna, beste gauza asko bezala, begiratzen duenaren begietan hasten dela pentsatu, eta zuzen begiratu nion begietara, lelotuta.

2. Obra: Basurto-Zorrotza (8.Barrutia)